lunes, 28 de febrero de 2011

IRITZI ARTIKULUA ALKATESARI ERANTZUTEN

Trebiñu Araba da, jalgi hadi euskalakaria


Trebiñuko San Juaneko baselizan nabarmentzen denez, Antxo Jakituna VI. errege nafarrak Trebiñuko hiribildua sortu zuen 1161ean. Nafarroako erreinuak, ondoko erreinuarekin izandako guden ondorioz, lur horien jabetza galdu, eta, bi mende igarota, Gaztelako erregeak Pedro Manriqueri Trebiñuko jaurerria eman zion. Beste mende baten buruan jaurerri hori Konderri bihurtu zen.

Gaztelako erregeak egindako dohaintza horrek, alde batetik, erreinuari emandako zerbitzuengatik Manriquetarrak saritzea zuen xedetzat. Bestetik, Nafarroako erreinuaren eta Trebiñuko bizikideen eskaeren kontra Manriquetarrak kokatzea zuen helburu, ikuspegi estrategikotik hain garrantzitsua zen lurralde horretan mendekotasuna bermatzeko.

Hiribildua sortu zenetik 850. urteurrena ospatzear gaudela, Udalerriak Gaztela-Leongo interes unionisten zerbitzura dagoen alkatea du buru. Alkate honek, Manriquetarren moduan, ohiko bizilekua udalerritik kanpo daukalarik, udal-politikan tarteka sartzen da Trebiñuko biztanleok nola jokatu behar dugun esateko.

Enklabeko hamar elkarte baino gehiagok eskatuta, Udalak onetsi ostean, XVII. korrika Trebiñun hasiko da aurki. Bi hilabete baino ez direnean falta, alkatea urduritu egin da. Antza, udal-hauteskundeak gertu daudela, eszenifikatu nahi izan duen normaltasunaren irudiaren ordez, beldur da herri-borondatearen bahiketaren salaketa azaleratuko ote den. Izan ere, Gaztela-Leongo erreinua haserretu daiteke, baldin eta Trebiñuko biztanleak jai horretaz baliatzen badira berriz ere inposizio administratiboaren kontra agertzeko. Horrela bakarrik uler daiteke alkatea plazara atera izana, zertarako eta inolako zorroztasun historikorik gabe, euskararen presentzia enklabean Euskal Autonomia Erkidegotik gertu egoteagatik azaltzeko eta, horrez gain, jaia politizatu ez dadin eskatzeko.

Toponimia nagusiak eta txikiak aditzera ematen dutenez, ordea, euskara Trebiñuko kultura-nortasunaren funtsezko elementua da. Gainera, traba administratibo guztien gainetik, ondoko udalerrietan bezain bizirik dago, Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta soziolinguistikoan azaltzen denez.

Alkateak jaia ez politizatzea eskatu zuen bitartean, PSOEko Burgoseko idazkari orokorrak Trebiñuko hizkuntza ofizial bakarra gaztelania dela gogorarazi zuen. Nabaria da gure hizkuntzak jasaten duen bazterkeriak Trebiñuren kontrako inposizio administratiboan duela oinarri.

Trebiñuko bizikideok, PP eta PSOE oposizioan zeudela, haien ordezkarien ahotik entzun izan dugu Trebiñuko auziari ekiteko aldarrikapen nazionalistak alde batera utzi behar genituela eta diskrezioz negoziatu behar zela. Baldintza berezietan egindako azken hauteskundeen ondoren, Eusko Jaurlaritza PSOEren mende (PPren laguntzarekin) eta Udala PPren mende (PSOEren laguntzarekin) geratu ostean, haien Burgoseko taldekideek integrazioa ez dutela nahi esatea besterik ez zaie bururatzen. Aldi berean, herri-borondatearen bahiketaren aurrean geldi egoteko eskatzen digute.

Horregatik, haien demokraziaren kontrako prozedurekin, galarazi ahal izango dute, agian beste urte batzuetan, Araban integratzeko dugun eskubidea. Era berean, gure hizkuntzaren ofizialtasuna ukatu ahal digute. Trebiñuko biztanleon borondateari bizkar emateko kezkarik ez dutela erakutsi digute. Edozelan ere, errealitate anakroniko honek irauten duen bitartean ez dute, inola ere, gure ahotsa isilaraziko Trebiñuko borondatearekiko errespetua ahal dugun guztietan aldarrikatuko baitugu. Hortaz, ez dute inolako zalantzarik izan behar: apirilaren 7an, korrikaren edizio berriak Trebiñuko lurraldea pasatzean ere, aldarrikapen hori presente egongo da, noski.

No hay comentarios:

Publicar un comentario